2010 otsaila 1
Sariak otsailaren 4an arratsaldeko 19:00etan banatuko dira Caja Vital Kutxa Fundazioa Aretoan
Komiki-lehiaketa KREAk diziplina artistiko horren inguruan bultzatzen duen hezkuntza-programaren muina da. Hala ere, ez da bakarra. Lehiaketarekin batera, sormen-zentroak hainbat ekimen garatu ditu; horiek guztiak sormen artistikoa sustatzeko xedearekin, hala nola "Komikiaren gida", komikiaren eta poesiaren arteko loturari buruzko erakusketa edo tailerraren antolaketa.
Hirugarren urtez jarraian, KREAk “Komikiaren gida” argitaratu du, istorio marrazkilari ospetsuek egindako eskuliburu txikia. Hizkuntza argi eta arruntarekin, komikia gazteei hurbildu nahi die, diziplina horretako sormen artistikoak nola hobe ditzaketen azalduz. Mauro Entrialgo eta Abarrotsek marraztu ondoren, KREAk aurten Joaquín Reyes komiko eta ilustratzailearen lankidetza jaso du.
Joaquín Reyes Cano (Albacete, 1974) da oraingo komikorik ezagunenetako bat; izan ere, ‘Muchachada Nui’ umore-saioaren zuzendaria da. Gainera, Paramount Comedy telebista-kateko ‘Trío de Albacete’ izenekoan parte hartu zuenean eman zuen bere burua ezagutzera, eta ‘La Hora Chanante’ programako sortzaile eta protagonistetako bat ere bada. Hala eta guztiz ere, alderdi hau hain ezaguna ez den arren, irudigile gisa ere ibilbide handia du; izan ere, telebistan agertu aurretik Arte Ederretan lizentziatu zen eta diseinatzaile grafiko gisa eta Barco de Vapor bildumarako haurren liburuetako irudigile gisa lan egin zuen.
Gida hiru hizkuntzatan argitaratuko da –euskara, gaztelania eta ingelesa– eta 10.000 ale baino gehiago ikastetxeetan, liburutegietan, elkarteetan eta nazioarteko kultur etxeetan banatuko dira. Era berean, KREA Adierazpen Garaikidearen www.kreared.com web orrialdean bertsio digitala eskuragarri egongo da eta aurreko urteetako bi gidekin batera erakusgai egongo da Araba Aretoan.
Egileak berak aurkeztuko du gida une horretarako publiko ezin hobearen aurrean. Ikastetxe arteko 27. Komiki Lehiaketako sari banaketan izango da, otsailaren 4an, arratsaldeko 19:00etan, Caja Vital Kutxa Fundazioa aretoan (Dendaraba Merkataritza Gunea). Horrez gain, ekitaldi horretara bertaratutakoek lehiaketako irabazleen lanekin KREAk argitaratutako bilduma jaso eta lanak in situ ikusi ahal izango dituzte alboko Araba Aretoko erakusketan. Zabalik egongo da urtarrilaren 27tik otsailaren 17ra arte.