‘Zaramaga Asmatzen’ izenburupeko proposamenaren leitmotiv delakoa, auzo gasteiztarra sorkuntza eta irudimen dosi handien bidezko birplanteamendua da.
Izan ere, proiektuaren egileek – Andrea Abrigar, Maitane Arrieta, Noelia Huelmo eta Silvia Murguia – Gasteizko auzoaren irudia eraldatu nahi dute, hau da, egun zaharkiturik dagoen berrogeita hamarreko hamarkadako langileen auzoaren irudia aldatu, eta auzo gazte eta berriago bilakatu nahian dabiltza. Horretarako, etxebizitzak familia-mota ezberdinetara, hots, bakarrik edo bikotearekin bizi diren pertsonentzat, ikasleentzat eta familia tradizionalentzat egokitzeko soluzioak asmatzen dituzte.
Egileek, Zaramagaren egungo estetikari eta bistako adreiluari eustea proposatzen dute. Horrela, hormigoia, arbela, zeramikazko lauzak eta altzairuzko plakak bezalako industria-materialekin jolasten dute. Esku hartze artistiko ezberdinak jartzeko asmoa dute, fatxadetako material horiei kutsu artistikoa eranste aldera.
Erakusketa osatzen duten plano, maketa eta azalpen-panelak, uztailaren 1etik abuztuaren 24era egongo dira ikusgai, KREAren Posta kaleko 17. zenbakiko egoitzan, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era.
Era berean, 20 minutuko azalpen gidatu txikiak ere eskainiko dira, ostegunetan, 11:00etan edo 16:00etan, erakusketara bertaratzen direnentzat.
Hasiera joan